XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hori berehalaxe jakingo diagu.

Buelta erdia eman, espaloia zeharkatu eta eskaratzean sartu ziren.

Biek esku bana zeukaten berokiaren poltsikoan sartuta.

Hankena bere 38ko automatikoari lapatua eta Jodierena, berriz, bere txarraskaren adar-kirtenari.

Haien begiak itzalak miatzen zituzten.

Eskailerara hurbildu zirenean, Jacksonek barrunbe kirastun hartatik entzuteko bezain ozenki hitz egiten zuten.

- Putaxka saldu hura! Garbitu egin behar nian eta!

- Ixtak ahoko zuloa, hi!

Jacksonek nabaritu egin zien nola zihoazen gora, pausuak poliki emanez zurezko zoruaren gainean.

Arnasari eutsi zion.

- Neri batere inportarik ez, atsoak aditzen badigu ere.

Ez bait du non izkutaturik.

- Ixtak behingoz ahoko zulo hori.

Hemen jende gehiago ere bizi duk eta entzun egingo zigutek.

Jacksonek entzun egin zuen, nola hasi ziren pausuak eskailera igotzen.

Bapatean oin pare bat seko gelditu zen.

- Hi, ixtak heuk ahoko zuloa! Okotzeko zuloraino negok ahoa ixteko kontu zahar horrekin!

Beste oin parea ere geratu egin zen.

- Ixteko esan diat eta kitto!

Isilune mehatxagarri haren erdian, hainbeste eutsi zion arnasari Jacksonek, biriketako mina eta dena hartu bait zuen.

Azkenean, pausuak igotzen hasi ziren berriro.

Ez zen beste hitz bat gehiago entzun.

Jacksonek birikak lasaitu zituen astiro astiro, gorago eta ahulago entzuten ziren pausu-hotsei adi egonez.